XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JULES (TAVERNIER eta PERIGORDi) - Ospa hemendik, mutilak. Gero arte.

(PERIGORD eta TAVERNIER irteten dira. JULES harriturik bere jakari begira gelditzen da; gero zalantza une baten ondoren, jantzi egiten du).

VII AGERRALDIA. JULES, MOUTON, SEKRETARIA.

JULES - Egun on, Presidente maitea.

MOUTON - Egun on, Palotin maitea. (Eseri egiten da). Eser zaitez.

JULES - Ez bazaizu axola, nahiago dut zutik gelditu.

MOUTON - Noski axola zaidala. Nola nahi duzu hitz egitea bulegoan zehar etengabe zure bila ibili behar badut?

JULES - Nahi duzuna! (Eseri egiten da).

MOUTON - Berri eder bat ematera natorkizu: Barne Ministrariak atzo deitu ninduen eta Lan Eskeintza Iragarkien esklusiba guri ematea pentsatzen ari zela adierazi zidan.

JULES - Lan Eskeintza Iragarkiak. Hori... ez genuen espero!

MOUTON - Ez da hala? Hizketa horren ondoren Kontseilua bil erazi nuen. Gure lagun guztiak erabaki honen garrantzia azpimarratzean bat datoz: gastuak ttipiagotuz egunkaria hobetzea lor dezakegu.

JULES - Hogei orrialde aterako ditugu. Paris-Presse eta France-Soir pikutara bidaliko ditugu.

MOUTON - Kolorekiko argazkiak argitaratuko dituen lehen egunkaria izango da gurea.

JULES - Eta zer eskatzen du Ministrariak ordainetan?

MOUTON - Baina, adiskide! Ezer ez. Ezertxo ere ez! Guk mesedeak gure lanaren balioaren aitorpena direnean onartzen ditugu, eta kontzientziak erosi nahi dituztenean arbuiatu egiten ditugu. Ministraria gaztea da, sutsua, kementsua: bere kideak berotu nahi ditu, benetako gobernu modernoa egin. Eta Soir à Paris-i, gobernuaren aldeko egunkaria denez, berriztatzeko bideak ematen zaizkio. Ministrariak berak esan ditu hitz goxo hauek: Paper txar hori, bihur dadila eraso orri! Feuille de chou eta feuille de choc-en bidez egindako hitz jokoa. Feuille de chou: egunkari kaxkarra da.

JULES (algaraka, gero bapatean serio) - Paper txartzat hartu al nau?

MOUTON - Txantxetan zen. Baina zera esan behar dizut, nere kideko batzuk Soir à Paris lokartzen ari dela adierazi didate. Egunkariaren itxura ezin hobea da, baina orain ez du lehengo eztenkada pozointsurik, irakurlegoa sututa jartzen zuen joera zinkatzaile hura ere ez.

JULES - Nazioarteko tentsioaren lasaialdia kontutan hartu behar da. Périgordek arrazoi handiz ziostan arestian ez dela ezer ere gertatzen.

MOUTON - Noski! Noski! Badakizu beti zure alde irteten dudala.